Alokairurako eta emantzipatzeko diru laguntzen proposamena

Page 1


TESTUINGURUA: Etxebizitza oinarrizko eskubidea izanagatik, zumaiar askoren kasuan eskubide hau ez da betetzen. Ez da Zumaiako kasu isolatua, are gutxiago indarrean den jendartearen prekarietaterako joerarekin, baina Zumaian turismoak duen eraginarekin (azken urteotan, gainera, gorakadarekin) egoera orokor hori larriagotzen ari da gure herrian. Izan ere, duela urte batzuk Novotec etxeak Zumaiako Udalaren eskariz egindako ikerketak zioenez herriko etxebizitzen %10 pasatxo hutsik zeuden Zumaian. Horrez gain, zumaiarrek azken urte hauetan inoiz ezagutu gabeko fenomeno batekin egiten dute topo: alokairurako eskaria eskaintza baino altuagoa da. Ondorioz, alokairura joan nahi duen zumaiar askok itxaron zerrenda luzeetan zain egotea beste erremediorik ez du. Ziur aski, azken urteotako turismoaren gorakadak eta horrekin lotutako alokairu turistikorako erabilitako etxebizitzek zerikusi zuzena izango dute arazo berri honetan, baita alokairuaren garestitzean ere. Hala ere, alokairu turistikoaren erregulazio eta mugatzeak beste lanketa bat eskatzen duela ikusita, proposamen honen helburua ez da arazo honi zuzenean erantzutea, urte osoan alokairuan bizi diren edo bizi nahi duten herritarren egoerari lotutakoa baizik. HELBURUA: Proposamen honen helburua da zumaiarrei alokairua ordaintzeko diru laguntzak ematea. Alde batetik, herrian alokairuaren aldeko apustua eta kultura sustraitzeko. Baina, batez ere, alokairuan bizitzeko aukera egiten duten herritarrei hautu horrek bizitza duina izateko duten eskubidea ez ukatzeko. Etxebizitza eskubide unibertsala dela ulertzen delako, eta edozein pertsonaren bizi-proiekturako gakoetako bat. Azkenik, aipatu behar da diru laguntza hauek ez dituztela gizarte bazterkeria arriskuan dauden herritarrentzako jada indarrean dauden beste laguntza batzuk ordezkatuko. ZENBATEKOA: Jada antzeko diru laguntzak aplikatzen diren herrietako zenbatekoak ikusi eta Zumaiaren ezaugarrietara ekarrita, Zumaiako EH Bilduren proposamena da 2018ko aurrekontuetan alokairurako diru laguntza hauetarako 100 000 euroko partida bat bideratzea.


1) Nori zuzenduta daude? Proposamen hau ondu aurretik, beste zenbait herritan egun existitzen diren antzeko laguntzak aztertu eta konparatu ditugu. Batzuetan laguntzak 18-35 urte bitarteko gazteei soilik bideratuta daude, eta besteetan aldiz, herriko kolektibo gehiagori zabaldu zaizkie (bananduak, 70 urtetik gorako pertsonak, alargunak, seme-alabak euren kargura dituzten guraso bakarreko familiak, mugikortasun arazoak dituzten herritarrak etab.). Gure ustez, alokairuan bizitzeko eskubidea herritar orok izan behar luke, eta eskubide hori gauzatzeko zailtasunak adin-tarte eta ezaugarri ezberdinetako zumaiarrek izan ditzakete. Horiek horrela, Zumaiako EH Bilduren proposamena da diru laguntza hauen hartzaile potentzialak zumaiar guztiak izatea. Beraz, baldintzak betetzen dituen zumaiar orok izango luke eskaera egiteko aukera. Dena dela, laguntza hauetara bideratutako diru-kopuruari dagokiona baino eskaera gehiago baleude, eskarien artean lehentasunezko hurrenkerak finkatzeko hartzaile-motari buruzko hurrengo irizpidea jarraitzea proposatzen dugu: Lehenik, eta dituzten diru sarreren araberako hurrenkeran ordenatuta, honako kolektibo hauen barruan sartzen diren herritarrak: 18-35 urte bitartekoak, 70 urtetik gorakoak, alargunak, guraso bakarreko familiak, bananduak eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrak. Horien ondoren, eta dituzten diru sarreren araberako hurrenkeran ordenatuta, aurreko kolektiboetatik kanpo gelditzen diren zumaiarrak. Azkenik, eta aipatutako hurrenkeren barruan, diru laguntza lehen aldiz eskatzen dutenak lehenetsiko dira bigarrenez eskatzen duten ezaugarri berdineko eskatzaileen aurrean, bigarrenez eskatzen dutenak hirugarrenez eskatzen dutenen aurrean etab. Bestalde, diru laguntzak eskatzeko aukera zumaiar orori irekia egonagatik, arreta berezia eskaini nahi diegu herriko gazteei. Gaur egun, gazteek zailtasun handienak gurasoen etxetik irten eta bizi proiektu propioa eraikitzen hasteko garaian aurkitzen dituzte, hau da, emantzipatzeko urratsak ematean. Zumaian dagoen alokairu eskaintza oso urria da eta eskatzen diren baldintzek, batez ere ekonomikoek, aukera hori are zailago bilakatzen dute. Gainera, lehen urtean, bestelako diru-laguntzak eskatzeko (DSBE, EPO...) aukerarik ere ez dute izaten emantzipatzeko aukerak are gehiago murriztuz. Hori horrela, zumaiar orori eskainitako alokairurako diru-laguntzekin batean emantzipatzeko diru laguntzak bermatzea proposatzen dugu. Horretarako,


alokairurako diru laguntzak bermatzeko diru kantitateaz gain, urrats hau eman nahi duten gazteentzako beste diru kopuru bat bideratuz. Diru laguntza hauen izaerari dagokionean, Zumaiako EH Bilduk diru laguntza hauek herritarrei (norbanakoei) zuzentzea proposatzen du. Izan ere, jada honelako laguntzak indarrean dauden herrietan hauek familia edo bizikidetza unitateei zuzendutakoak izan arren, ulertzen dugu justuagoa dela norbanakoei zuzentzea. Alde batetik, beste pertsona batzuekin alokairua konpartitzeak ez duelako familia edo bizikidetza unitate bat sortzea berez ekarri behar. Tipologia anitzak aurki ditzakegu gure inguruan, eta guztiei lekua egiteko modurik onena laguntzak herritarrari, norbanakoari, zuzentzea da. Beste alde batetik, laguntzak ematerako orduan, benetan baldintzak betetzeko hurrenkeraren arabera behar gehien dutenei eman ahal izateko modurik onena norbanakoei zuzentzea dela uste dugu. Izan ere, adibidez etxebizitza batean hiru lagun bizi badira, eta laguntza eskatzeko baldintzak horietatik bakarrak beteko balitu, ulertzen dugu ez litzatekela justua beste biek baldintzak ez betetzeagatik hirugarrena laguntzarik gabe uztea, eta ezta bakarrak laguntzak betetzeagatik beste biek automatikoki laguntzak jasotzea ere. Gainera, horrela laguntzak gehiago banatuko lirateke eta baldintzak betetzen dituen jende gehiagok izango luke jasotzeko aukera. Beraz, laguntzak norbanakoei ematerakoan honako prozedura jarraitzea proposatzen dugu: alokairuaren kontratuan agertzen diren errentariak hartuko lirateke kontutan. Beraz, baldintzak betetzen dituen norbanakoari emango zaion laguntzaren kopuruaren oinarria, alokairu osoaren kopurua/errentari kopurua izango litzateke. Haurrak dituzten bizikidetza unitateak salbuespenak lirateke, kolektibo honek bizikidetza unitateei dagokien prozedura jarraitzea proposatzen dugu (Guraso bakarreko familien kasuetan izan ezik). Laburbilduz, honako diru laguntzak dira proposatzen ditugunak: 1) Alokairurako diru laguntzak (partida osoaren %80a): alde batetik nominalak eta bestetik haurrak dituten familiei, alegia, bizikidetza unitateei zuzenduak. 2) Emantzipatzeko diru laguntzak. Gurasoen etxetik lehen aldiz emantzipatzen diren gazteei bideratuta. Hauek ere nominala izango lirateke. (partida osoaren %20a).


Horrela, aurreko bi taldeetatik batean diru partidaren ehuneko osoa estaliko ez balitz eta aldiz bestean ehuneko osoa estalita ere eskari gehiago badaude, talde bati zuzendutako partida-zatiaren soberakinak bestean erabiliko lirateke.

2) Eskatzaileek bete beharreko baldintzak Baldintza orokorrak:        

Azken bi urteetan, gutxienez, zumaian erroldatua egotea. Alokairua erregulatzen duen errenta kontratua bere izenean izatea. Alokairuan bizi den etxebizitzan erroldatua egotea. Errenta kontratua gutxienez urtebetekoa izatea. Etxebizitzarekin loturiko bestelako diru laguntzarik ez jasotzea (EPO besteak beste) Zumaiako Udaleko zerga, tasa, ariel eta zehapenen ordainketak egunera izatea. Diruz lagunduko den etxe bizitza Zumaiako udalerrian kokatuta egotea eta dagokion bizigarritasun baimena izatea. Laguntzetatik kanpo utziko lirateke, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Etxebideren programen barruan alokatutakoak. Onuradunaren eta errentatzailearen artean inolako familia-loturarik ez izatea odolkidetasun edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

Diru laguntzak eskatzeko, diru sarreren mugak: Bizitza duin bat izateko, gutxienez 1200 euro gordineko diru sarrerak beharko liratekeela iritzita, diru laguntza eskatu ahal izateko diru sarreren gehienezko muga honakoa proposatzen dugu:  

Nominala: 25 000 euro gordin/urtean Bizikidetza unitateen kasuan: 50 000 euro gordin/urtean


Atal sistema: Diru laguntza nominalak (alokairurako zein emantzipatzeko):  

0€ - 16 800€ --> Alokairuaren zati nominalaren (alokairua/errentari kopurua) %50. 16 800€ - 25 000€ --> Alokairuaren zati nominalaren %25.

Diru laguntzak bizikidetza unitateko (haurrak dituzten familientzat):  

0€ - 36 000€ --> Alokairu osoaren %50. 36 001€ - 50 000€ --> Alokairu osoaren %25.

Bizikidetza unitateko eskabideak egiteko: Kasu honetan baldintza orokorrez gain honakoak ere bete beharko lirateke.  

Onuradunek haurrak euren kargu izatea. Bizikidetza unitatea, gutxienez, adin nagusiko bi pertsona eta haur batek osatzea.

Emantzipaziorako diru-laguntzak: Kasu honetan, baldintza orokorrez gain honakoak ere bete beharko lirateke.    

Errenta kontratua sinatu eta 15 eguneko epean kontratuan ezarritako bizilekuan erroldatzea. Errentan agertzen den bizilekuan erroldatu aurretik gurasoen etxean erroldatua egotea. Aurrez diru laguntza hau inoiz ez jaso izana. 30 urte baino gutxiago izatea.


3) Alokairuaren prezioaren topea Diru-laguntza hau emateko baldintzak bete ahal izateko, alokatzen den etxebizitzaren prezioaren tope bat ezartzea proposatzen dugu. Izan ere, ulertzen dugu tope hau ez ezartzeak jada Zumaian existitzen den alokairuaren prezioaren garestitzea areagotu dezakeela, “burbuila inmobiliario� deritzona hauspotuz. Beraz, antzeko diru laguntzak indarrean dauden herrietan ezarritako topeak eta Zumaian alokairuaren bataz besteko prezioa ikusita (azken hau jakiteko herriko higiezin ezberdinetako informazioa bildu da) Zumaiako EH Bilduk 700 eurotan kokatzea proposatzen du.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.